• Prest  eta  ilusioz

    Prest eta ilusioz

    Txurruka

    Ideia ona iruditu zait, txoko birtual hau inauguratzeko, pasa den abuztuaren 29an Zarauzko mitinean plazaratu nuen mezua ekartzea. Izan ere, aurreneko aldiz, oso eszenatoki eta egun seinalatuan, EAJ-PNVren alkategai gisa jendaurrean aritzea egokitu zitzaidan. Dakizuenez, abuztuko mitina oso hitzordu berezia da, ikasturte politikoaren hasiera markatzen duelako. Aurtengoa bereziki berezia zela esan genezake, Udal hauteskundeak bistan ditugulako, eta gure herriak une erabakigarriak bizi dituelako. Bai Zarautzek eta baita, nola ez, Euskadik ere.

    Hori dela-eta, estreinakoz, ekitaldia malekoian antolatzea erabaki genuen. Txoko polit eta maitatuak direlako gure malekoia eta hondartza. Irudi zoragarriak uzten dizkigute eguzkia irteten denean. Gogorrak eta tristeak, berriz, itsasaldiak gogor kolpatu eta olatuek txikizioak eragiten dituztenean, aurten gertatu den moduan. Oso gogoko dugu zarauztarrok malekoia. Horregatik, kiroldegitik atera, eta bertara etortzea erabaki genuen.

    Izan ere, kalera atera eta pasiatzea oso osasungarria da. Malekoian, paseuan, ezagunen berri jakin, aspaldi ikusi gabeko lagunak topatu, lagun berriak egin eta haize freskoa eta ideia berriak arnasten dira. Politikan ere, ezinbestekoa da kalera ateratzea. Auzoz-auzo, etxez-etxe, asko dago entzuteko eta asko esateko. Begiak eta belarriak zabalik eduki behar dira, une oro.

    Legealdi honetan, hainbat aldiz elkartu gara elkarte eta herritarrekin, haien behar eta kezkak ezagutzeko. Harreman horietan, askotan esan digute Zarautzek ideia berriak eta haize freskoa behar dituela aurrera egiteko. Askotan esan digute lidergo sendo bat eta lanerako kapazidadea behar dituela herriak. Ez dutela inposaketarik nahi, parte-hartzea baizik. Baina benetako parte-hartzea. Pertsonengan pentsatuko duen gobernua nahi dute zarauztarrek. Udal Gobenuarekin etsita daude asko eta asko.

    Alderdikideek alkategai izateko prest nintzen galdetu zidatenean, ez nuen zalantzarik egin. Zarauztarra, abertzalea eta jeltzalea naiz. Ohore haundia da niretzat Zarauzko alderdikideek ni aukeratu izana. Herrigintzan sinesten dut, eta uste dut gure herriak baduela astindu on baten premia. Zarautzen badago zer hobetu eta zarauztar guztion alde Zarautz hobe baten alde lan egiteko prest nago, nire indar guztiarekin, borondate onarekin, eta apaltasunez.

    Datorren maiatzan, bi modelo ezberdinen arteko aukera izango dugu mahai gainean. Bi herri-eredu. Eta Zarauztarrek aukeratu beharko dute bietako zein nahi duten. Orain artekoa, edo gurea. “Politikari guztiak berdinak zerate” entzuten dugu askotan. Ez da egia. Argi eta garbi geratu da azken lau urte hauetan ez garela berdinak. Gure alderdiak beste era batera egiten du lan, bai udaletxeetan eta baita diputazioan ere.

    Konbentzituta nago, bai, Zarauzko Udala beste modu batean kudeatu behar dela. Gehiago, eta hobeto egin daitekeela lan denon artean. Herriari bultzada berri bat emateko, ezinbestekoa izango da zuen guztien babesa eta lankidetza. Heldu diezaiogun, bada, etorkizunari ilusioz. Erronka polita dugu esku artean.

    Gora Zarautz!

    Utzi zure erantzuna →

Utzi zure erantzuna

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies