• Herritik  eta  herriarentzat

    Herritik eta herriarentzat

    Sarritan entzun dugu udal politika eta herrigintzaren arteko loturaz. Biek eskutik joan behar dutela, osagarriak direla, eta elkar elikatu behar dutela. Politikak, hala, herrigintza sustatu eta herrigintzatik sortutako ekimenen bideratzaile izan behar du. Herrigintzak, berriz, politika sendotu eta sustratu egiten du. Izan ere, bi jaurduerek oinarri berbera dute; kolektibo baten bizimodua eta bizitza hobetu eta aberastea.

    Zarauzko Euskal Jaiak, eta, horien barruan, karrozen desfilea, gure herriko herrigintza sarearen akuilu eta erakusgarri izan dira hamarkada luzez. Ezingo lirateke festa hauek ulertu, kulturari eta euskarari -biak ere hitzaren zentzurik zabalean- lotutako elkarte, talde, eragile eta norbanakoen parte-hartzerik gabe. Beraiek ematen diote zentzua Euskal Jaiari, herrigintzak politikari ematen dion, edo eman beharko liokeen bezalaxe. Kultura eta Euskara elkarteen lana aintzat hartzen ez dituen egitaraua, egitarau hutsa eta artifiziala izango da. Eta herrigintza alde batera uzten duen politika, berriz, politika okerra.

    Azken bi urteetan, Euskal Jai Egunez, ez da karrozarik izan herrian. Parte-hartzaile kopurua jaitsiz joan da, desagertzeraino. Faktore pertsonalak eta bestelakoak badaude tartean, belaunaldi errelebo falta, adibidez. Urtez-urte karrozak egiten jardun dutenak, Jose Mari Zuazobide, esaterako, adinean gora doaz, eta karroza bat egitea lan neketsua da oso. Hala ere, nire iritzi apalean, babes faltak ere badu zerikusirik. Udalak ez du jakin, karrozagileen kasuan behintzat, ohitura bizirik mantentzeko baldintzarik jartzen asmatu. Herri-ekimenen sustatzaile gisa duen egitekoa ez du bete, desfileari dagokionez.

    Egoera ikusita, azken orduan, batzokiko lagun talde batek karroza egitea erabaki genuen. Horrela sortu genuen Balea Berdea, txikien egunean herriko kaleetan ibili zena, haur, gazte eta ez hain gazteen gozagarri. Birziklapenaren aldeko mezua plazaratzeko aprobetxatu genuen, hondakin bakoitza bere edukiontzira botatzea duen garrantzia azpimarratuz. Karrozak oso harrera polita eduki zuen, eta pozik ibili ginen batetik bestera haur eta helduen ikusmina eta ilusioa ikusita. Pena merezi zuen hartutako erlojupeko esfortzuak. Esperientzia ederra, errepikatzekoa, zalantzarik gabe.

    Ea datozen urtetarako denok, Udalak barne, lezioa ikasten dugun: Zaindu maite duzun hori, dio abestiak.

    Utzi zure erantzuna →

Utzi zure erantzuna

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies