• Zarautzen etorkizuna haundira eta txikira jokatzen delako

    Zarautzen etorkizuna haundira eta txikira jokatzen delako

    2 (2)

    Pasa den larunbatean, zarauztar talde polita elkartu ginen, Hirigintza eta Herrilanei lotutako gai eta proposamenak landu eta eztabaidatzeko: instalazioak, ekipamenduak, mugikortasuna, aparkalekua, garraio publikoa, segurtasuna, garbitasuna, zabor bilketa… Pare bat ordu luze iraun zuen lan saioak, eta gai asko atera ziren mahai gainera: ‘txikienetatik’ hasi -espaloiak, mantenimendua…- eta handienekin buka -saihesbidea, Udaltzaingoaren egoitza…-. Adin eta ibilbide oso desberdineko herritarrak elkartu ginen. Bertaratu ginenoi helburu nagusi batek batzen gaitu: Zarautz hobe bat eraikitzea eta denon artean jendearen bizimodua erraztea.

    Zoriontasuna momentu eta gauza txikiek osatzen dutela esan ohi da. Eta herrigintzan ere, behar-beharrezkoa da detaileen garrantzia aldarrikatzea. Zer esanik ez Udal politikaz ari bagara: Udala da erakunderik gertukoena, eta Udal ordezkariek berezkoa eduki behar dute detaile txikiez interesatzeko joera: kale jakin batean dagoen batxea, tramite zehatz bati buruz galdezka datorren herritarra, puskatutako zakarrontzia… Jendearen arazoak konpontzen laguntzeko bokazioa duen jarduera da politika. Eta lan hori ñimiñoak diruditen gauza eta ekintzekin hasten da. Nekez izango gara kapazak gizartearen betiereko arazorik larrienei erantzuna emateko, oinarri-oinarrizkoak diren detaileekin eraginkorrak ez baldin bagara.

    Horretarako, ezinbestekoa da begiak eta belarriak zabal-zabalik edukitzea, herria nola dagoen ikusteko, eta jendearen kezkak entzuteko. Zentzu horretan, aitortu behar dut gozatu egin nuela larunbateko saioan. Geroz eta gizarte indibidualistagoan bizi gara. Hortaz, Zarautzen hobetzeko dauden kontuen inguruan hitz egiteko elkartze hutsa, pauso ederra iruditzen zait. Etengabeko ariketa izan beharko luke, norberaren oskolatik ateratzea, eta hurkoaren azalean jartzea, minuto batez, sikiera.

    Zarautz beti izan da bizitza kolektibo aberatsa eta gizarte kohesionatua izan dituen herria. Makina bat elkarte dugu, hamarkadetan zehar lan bikaina egin dutenak, eta kontuan hartzeko moduko lezioa utzi digutenak: elkar hartuta, indartsuagoak gara. Inplikatu, konprometitu, parte hartu, hitz egin, entzun, proposatu, landu, izena eman… jarrai dezagun aditz hauek deklinatzen, eguneroko praktikara eramaten. Herria denon artean egiten dugulako. Denok garelako herria.

    Larunbatekoa ez da azken saioa izango. Gehiago egongo dira, eta emango dugu horien berri. Zure zain gaude. Gu, prest!

    Leave a reply →

Leave a reply

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies