• Santa Klarako mojei, esker onez

    Santa Klarako mojei, esker onez

    1611n Lermatik Zarautzera etorri eta harrezkero Narrosen bizi ziren mojak 1625ean sartu ziren egun ezagutzen dugun Santa Klara komentuan barrutegian bizitzera. Lau mende bizi izan zarete Klaratarrak Zarautzen, otoitz-giroan behartsuenei laguntzen. Santa Klarako mojek, klausurako bizitza xume horrez gain, auzoarekin, herriarekin, kulturarekin, hezkuntza eta hizkuntzarekin azken lau mendeotan agertu duzuen konpromisoa eta lotura goraipatu nahi nituzke. Gehienak Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritakoak bazarete ere, ezin ahaztu Zarautzen bertan jaiotakoak izan direla moja asko eta asko. Gaur egun bertan zaudeten erdiak bezalaxe.

    Jainkoari eskainitako bizitza oso bat. Otoitzaren bitartez Jainkoarekin bat egitea aukeratu zenuten, Santa Klarak bezala. Bizitza apala, soila eta isila; Klaratarrek, barnera bilduz, otoitzari eskaini diozue bizitza, horixe izan baita zuen funtsa eta ildo nagusia. Baina bizitzan zehar, egunero izan dituzue, bai komunitatean bertan eta baita komunitatetik kanpo ere, herritarrekin harreman zuzena izatera bultzatu zaituzten beste jarduera eta “ofizio” batzuk: txiroei emandako arreta, baratze-lanak… Eta zenbat zarauztarrek eskatu ote dizueten laguntza arropak josteko, brodatzeko, parpailak egiteko… eta horrelako lanetarako. Ezin aipatu gabe utzi egun jakin baterako eguraldi ona eskatzeko hamahiru arrautzako dozenak eramateko tradizio bihurtutako ohitura ere. Gure herriaren historiaren parte zarete.

    Garrantzitsua izan da beti, eta oraindik ere hala da, Klaratarren inguruan, zuen elizaren baitan sortutako kristau elkartearen jarduna ere, auzotarrekin eta herritarrekin konprometituta dagoena.
    Jakin dugu hil honen bukaeran Zarauzko komentua utzi eta Oñatikora zoaztela. Azken lau mendeotako harreman estu hori ospatzeko eta egindako lan guztiagatik zuei eskerrak emateko, Zarauzko Txinpirin, Gazte Abesbatza eta Zarautz Abesbatzaren eskutik Santa Klara elizan, ostiral honetan, arratsaldeko 19:00etan ospatuko dugun Agur Kontzertura gonbidatu nahi nituzke zarauztarrak.

    Bukatu aurretik, azken bi urteotan zuekin, Zarauzko Arreba Klaratarrekin, solasean jarduteko aukera izan dudan une horietan agertu izan didazuen borondatearekin bat eginda, jakinarazi nahi dizuet lanean ari naizela eta arituko naizela guztion nahia den hori lortzeko. Hementxe nauzue, laguntzeko prest.

    Leave a reply →

Leave a reply

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies