• Helmuga: atletismo pista

    Helmuga: atletismo pista

    Argazkia: Isidoro Unzueta krosa, 1979. Ni gorriz, laugarren, aldamenean aita animoka dudala.

    Joan den igandean Abendañora gerturatu nintzen, 45. Isidoro Unzueta eskolarteko krosa ikustera eta animatzera. Giro ederraz gozatzeaz gain, gaztetako garaiak gogoratzeko balio izan zidan. Oroitzapenak bata bestearen atzetik etorri zitzaizkidan burura, gaztetxoak ahalegin betean ikusten nituen bitartean. Izan ere, beti izan dut oso gogoko atletismoa. Bizitzarako eskola bikaina dela uste dut. Esfortzua, adiskidetasuna, kemena, itxaropena, lehia sanoa…oso balio positiboak transmititzen dituen kirola da. Rollo onez beterikoa. Nik behintzat horrela bizi izan dut.

    Futbolean oso txarra nintzen, baina korrika ez nintzen gaizki moldatzen. Gogoan dut Isidoro Unzuetako lehen lasterketak Zarauzko golfeko zelaietan barrena ospatzen genituela. 1970-80 urteak ziren eta Emilio Olazabal aritzen zen proba hauek antolatzen. Koldo Olazabal, Dani Txoperena, Jesus Mari Zulaika eta konpainiarekin hor ibiltzen nintzen puntan, lehia ederrean, gustora asko.

    Gero, golfa utzi eta karrerak Mendilautako kaleetara pasatu ziren. Karlos Argiñanoren jatetxearen parean zegoen irteera eta helmuga. Karlosek txorixo goxoa oparitzen zigun haur lasterkari guztioi. Hura poza! Irabazi edo ez, trofeo galanta eramaten genuen etxera. Hamalau urte-edo nituela, kiroldegi ingurura pasa zen lasterketa ‘pista’. Urteak eta urteak dira zarauztarrok, haur, gazte, heldu edo adineko, ez dugula atletismoa eta korrika era duin batean egiteko modurik. Orduan ere ez. Baina ilusioak eta gogoek guztiarekin ahal zuten!

    Nire ametsa Astiko kirolgunean Zarautzek behar duen atletismo pista egitea litzateke. Kirolari askok eta askok erabiliko lukete, kirol osagarria baita beste diziplinetan jarduten direnentzat ere. Egin beharreko apustua da, zarauztarrek behin eta berriro eskatzen digutena.

    Igandean 30.000 lagun inguru ariko dira lasterka Behobia-Donostian. Batzuk motelxeago, beste batzuk arinxeago, baina gehienak bulebarrera helduko dira. Irakaspen polita; nora iritsi nahi dugun argi dugunean, lehenago edo beranduago, oztopoak-oztopo, iritsi egiten gara. Eta Zarautzen, atletismo pista da helmuga. Aintzat har dezala Udalak.

    Leave a reply →

Leave a reply

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies