• Etxebizitzak behar ditugu

    Etxebizitzak behar ditugu

    Lana eta etxebizitza. Etxebizitza eta lana. Non bizi, eta bizimodua nondik atera. Horiek dira gaur egun herriko gazte eta ez hain gazte direnen bi kezka nagusienak. Enpleguak eta etxebizitza eskubidea bultzatzeko politikek lehentasun osoa eduki behar dute Udal baten jardunean. Bi gaiok agenda politikoaren lehenbiziko postuetan egon behar dute, zalantzarik gabe.

     Etxebizitza publikoak aurrera ateratzea ez da erraza. Egoera ekonomikoak ere ez du laguntzen. Hori denok badakigu. Baina hain justu horregatik, gai honek dedikazio eta kudeaketa ahalegin berezia eskatzen du, tramiteak arintzeko, azkartzeko, akordioak bilatzeko, lanak aurreratzeko, edota bideragarritasuna bermatzeko. Aitzakien atzean ezkutatzen ibiltzeko garaia bukatu da. Babestutako etxebizitzak sustatu eta eraikitzeko bi baldintza behar dira: borondate politikoa, eta ideia argiak izatea.

     Zarautzen, tamalez, ez dugu halakorik ikusi. Udal Gobernuak bestelako lehentasunak izan ditu, eta etxebizitza politikari berandu heldu dio. Berandu, eta gaizki. Izan ere, gobernu batek zer nahi duen ez dakienean, ezinezkoa da politika eraginkorra egitea. Aurrera ematen den pauso bakoitzeko, bi ematen dira atzera. Hausnarketatik paralisira doan lerroa oso mehea da. Gauzak ondo pentsatzea behar-beharrezkoa da, baina beti norabide garbi batekin. Norabiderik ez dagoenean, azkenean gauzak korrika eta presaka egin nahi izaten dira, eta konturatzerako denbora joan da.

     Hori izan zen etxebizitzari buruz duela gutxi plazaratu genuen azterketa. Aurreko legealdietan planifikatutako promozioak banan-bana begiratuz gero, Salbideko etxeak bi urtez egon dira hutsik, zozketatu gabe. Aldapetako proiektuak, berriz, oraindik ez du berme legal edo ekonomikorik eta duela lau urte bezain gordin dago. Salberdini buruz, berriz, ez dugu ezer jakin gure alderdiak duela gutxi mozioa aurkeztu duen arte.

     Konbentzituta nago, nire eguneroko lanean ikasi dudanagatik, gauzak askoz hobeto egin daitezkeela. Zarautzek etxebizitza babestua eta alokairua beste modu batean kudeatzea eskatzen du. Beraien bizitza proiektua herrian garatu nahi duten ehundaka herritarrei bestelako erantzuna emateko gai izan behar dugu. Etxebizitza arloan ere, bultzada behar du Zarautzek.

    Leave a reply →

Leave a reply

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies